XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zestoarrek aurreratu ziren 13-18, eta berriro azkoitiarren txanda, 18-18 eta 20-18.

Azkoitiarren banderatxoak astintzen hasi ziren harmailetan, beren pilotarien garaipena ziurra zelakoan; baina Odriozolak nonbaitetik indar berriak atera eta 20-21 jarri zuen aurretik Zestoa.

Zestoako zaletuek hartu zuten iniziatiba Astelenako harmailetan; baina Atano XII.aren bolea ikusgarri batek ahozabalik utzi zituen, markagailuan 21-21.

Tantu bakar batek erabaki zuen txapelketa.

Pilotariek elkarri besarkada bat eman zioten azkenengo tantu hau jokatu aurretik eta harmailetan ezinegona bere punturik gorenera heldu zen.

Azkoitiak egin zuen sakea, frontoian bildu ziren zaletu ugariren oihuen artean.

Tantu batek inoiz ez zuen horrelako baliorik izan eta hain zuzen ere Jose Manuel Odriozola izan zen, finaleko pilotaririk onena, azkoitiari garaipena eman zion hutsa egin zuena, pilota batek kontrakantxara ihes egitean.

Jose Manuel Odriozola lurrean erabat apurtuta eta bitartean azkoitiarren pozak Astelena bete zuen beren pilotariak zoriontzeko.

Carlos Gortazarrek eman zion Herriarteko Txapelketaren trofeoa azkoitako delegatuari, Arrizabalagari, Aurrezki-Kutxa Munizipaleko zuzendariordeak, Ausan jaunak, Azkoitiako alkateari, Eduardo Olano jaunari, 250.000 pezetako txekea ematen zion bitartean.

Azken unera arte tentsioa bere baitan izan zuen Gipuzkoako Pilotaren Egunean festa izan zen oroz gain.

Partiduak bukatutakoan zaletuak Arrate Jatetxean bildu ziren pilotazaleen anaiarteko bazkarian, eta gero, jakina, azkoitiarrei beren herrian ohizko harrera egin zieten.